Prebentzio Programa                                   

Prebentzio programa Irurtzungo Udalak eskatuta jarri zen abian. Programa droga-mendetasunei buruzko udal-planen eta prebentzio komunitarioko programen barruan dago. Osasun Departamentuak finantzatzen du.

Programaren helburua da ohitura osasungarriak sustatzea eta sustantzien gehiegikeriek eta bestelako jokabide arriskutsuek eragindako arriskuei aurre egitea edota haiek murriztea.

Programan honen bidez prebentzio komunitarioari heltzen diogu heziketa, prebentzio eta sentsibilizazio lana eginez hainbat biztanleria taldetan (familiak, gazteak, nerabeak, talde informalak, guraso elkarteak eta emakume taldeak).

Programaren bitartez prebentzio lana egiten saiatzen gara, biztanleriaren premia indibidualak zein kolektiboak identifikatuz eta aintzat hartuz.

Programen barruan ditugun proiektuak hainbat esku-hartze eremutan banatzen ditugu:

 

Prebentzioa eremu komunitarioan

Herritar guztiei zuzenduta dago, eta osasuna sustatzeko eta arrisku jokabideak prebenitzeko informazio, sentiberatze eta hausnarketa jarduera orokorrak hartzen ditu:

  • Orientazio eta laguntza pertsonala eta familiarra.
  • Osasunaren sustapenari eta prebentzioari buruzko artikuluak eskualdeko argitalpenetan.
  • Araitz-Beteluko eta Lekunberri-Larraungo berdintasun-mahaietan parte hartzea, hainbat jarduera dituen programa prestatzeko. Programaren xedeak berdintasuna lantzea eta festetan eraso sexistak prebenitzea dira.
  • Eskualdeko udalei aholkularitza ematea haien herrietan aisialdiko proiektuak gauzatzeko.

 

Prebentzioa familia eremuan

Gurasoei eta familiei zuzendutako topaketak, eskolak eta lantegiak antolatzen ditugu seme-alaben hezkuntzarekin zerikusia duen guztian laguntzeko.

Zehazkiago, jarduera horien helburua da seme-alaben hezkuntzan dauden zailtasunei buruz hitz egiteko guneak sortzea eta hezkuntza jardunbide egokiak sustatzeko jarraibideak eta informazioa ematea. Izan ere, haurrak eta nerabeak lehentasunezkoak dira prebentzio programan osasunaren prebentzioari eta sustapenari dagokienez.

Tailerrak urte osoan zehar egiten ditugu, guraso elkarteekin eta ikastetxeekin elkarlanean.

  • 15 eta 17 urte bitarteko seme-alabak dituzten familientzako kanpaina. Kanpaina honen helburua da seme-alaba adingabeak dituzten familiak gonbidatzea adingabeen alkohol kontsumoari buruz hausnartzera eta gaueko irteerak kudeatzera.
  • Eskola adineko seme-alabak dituzten familiei zuzendutako kanpaina familietan tratu ona sustatzeko. Egutegi bat egiten dugu, eta Lehen Hezkuntzan seme-alabak dituzten familiei bidaltzen diegu eta ikastetxeetara ere bidaltzen dugu.

 

Prebentzioa ikastetxeetan

Ikastetxeetan osasuna sustatzeko tailerrak egiten ditugu.

Horien bidez, laguntza eta informazioa eskaintzen dizkiegu ikastetxeei honako alor hauetan:

  • Alkohol kontsumoa nerabeengan: prebentzioa eta sentiberatzea.
  • Teknologien erabilera segurua, arduratsua eta osasungarria.
  • Harreman osasungarrien sustapena eta tratu onerako proposamenak.

 

Prebentzioa gazteen artean

  • Autozaintza kanpaina, Osasun Departamentuarekin batera, trafiko-istripuen eta sexu-transmisiozko gaixotasunen inguruan. Kanpaina udan zehar egiten da.
  • Alkoholaren eta beste substantzia batzuen kontsumoarekin lotutako trafiko-istripuak prebenitzeko proiektua Sakanako Mankomunitatearekin: Jaibusa.
  • Larraun eta Araitz inguruan trafiko-istripuak ekiditeko proiektua: Taxi jaia.

Proiektu horien helburua zirkulazio-istripuak murriztea da, eta gazteak kontzientziatzea autokontrolarekiko duten erantzukizunaz, bai kontsumoei dagokienez bai kontsumoen osteko jokabideei dagokienez.

  • Sexualitatea eta gazteria: Gozamenez programa Sakanan.
  • Asteburuetan aisialdirako proiektua 12 eta 16 urte bitarteko neska-mutilendako Lekunberrin eta Betelun. Proiektua Euskara Zerbitzuarekin batera antolatzen da, eta aisialdi osasuntsua eta euskalduna sustatzea du helburu.
  • Drogen kontsumoarekin lotutako arriskuak murrizteko tailerrak.
  • Gazteen kontsumoei buruzko informazio eta sentiberatze kanpainak.
  • Gazte taldeei eta elkarteei laguntza ematea festetako aisialdi eta prebentzio jardueratan.